Laburpen tailerra
Zertan arituko gara?
Tailer honetan, laburpenak nola egin eta nola ebaluatu landuko dugu; beraz, normala den moduan, laburpenak egiten eta ebaluatzen ibiliko gara. Hala ere, zenbait berrikuntza erabiliko ditugu horretarako; jarraian, baliabide horiek zeintzuk diren azalduko dugu eta zuok erabiltzeko moduan izango dituzue.
Laburpenak egiteko, menu nagusian dauden orrialdeak ordenan jarraitu besterik ez da egin behar. Hala eta guztiz ere, behean dituzue jarraibide orokorrak; irakurri itzazue, egin beharrekoa hobeto ulertzeko.
1. Compress-eus
Laburpenak egiteko tresna hau nola erabili ikasiko dugu. Ikusiko dugun moduan, lehendabizi, testuko zatirik garrantzitsuenak aukeratuko ditugu, eta, ondoren, aldiz, testua berridatziko dugu.
Gure lehen laburpenak Compress-eusen egin ostean, laburpen bat egin eta ebaluatzeko kontuan izan behar ditugun irizpideak landuko ditugu. Horretarako, irakaslearen azalpenez gain, irakasleak oinarri izango duen aurkezpena duzue eskuragarri orri honetan.
Compress-eus nola erabili jakinda, berriro egingo dugu laburpena. Baina, kasu honetan, irakasleak emandako galdera jakin batzuk eskatzen duten informazioa bildu beharko dugu. Beraz, oraingoan, testuaren hierarkia irakasleak bideratuta egongo da. Horrez gain, ez ahaztu landu ditugun gainontzeko irizpideak ere aintzat hartzea.
Orri honetan, Compress-euserako sarbidea eta irakasleak ezarritako galderak izango dituzue. Baina, gainera, galderek eskatzen duten informazioaren inguruko zalantzak argitu ahal izango dituzue bertan aurkituko duzuen kalkulu-orriaren laguntzaz.
Laburpena egin ostean, hierarkia irizpidean nola aritu garen ikusi ahalko dugu, geure lanaz hausnartu eta hurrengoan hobekuntzak egin ahal izateko geure laburpena egitean.
Laburpena egiten ibili ostean, ebaluatzen aritzeko unea izango da. Bakoitzak hiru ikaskideren laburpenak zuzenduko ditu, irakasleak esleituak. Laburpenak ebaluatzeko, aurkezpenean irakasleak azaldutako errubrika erabiliko dugu.